Danobatgroup erreferentzia da makina-erremintaren sektorean. Ez bakarrik teknologian eta zehaztasunean punta-puntako enpresa delako; baita lehena izan zelako makina-erremintaren munduaren ikuspegi emozionalago bat ematen, Dhemen eskutik.
Neurri handiko produktu proiektu globala da. Aurretiko analisia eta diagnostikoa egin eta gero, erabaki zen: alde batetik, prozesuan jasotako kalitatea kanporatzea eta agerian jartzea; bestetik, makina multzoarekiko —forma, erabilera eta kokaleku oso ezberdinetakoak— sentsazio teknologikoa eta konfiantza sentsazioa indartzea. Espazio ezberdinak identifikatu, garatu eta kontzeptualizatu genituen: Working Areas, Human Areas, Maintain Spots eta Logistics Areas. Total Machine sormen kontzeptuan bildu genituen guztiak.



Kontzeptu horrek prisma baten moduan gidatu zuen diseinuaren garapena eta produktuaren kontakizunaren eraldaketa. Guztia pertsonetan oinarritua. Makinak erabiliko dituzten horiexek, makinaren kontaktu puntu ezberdinetan: makinista, ingeniaria, mantentze-lanetako langilea, ekoizpenaren kudeatzailea, fabrikaren bisitaria…
Dhemenek zehaztutako produktu estrategiak produktu propioko sistema bat proposatu zuen, gizakiaren eta makinaren arteko harremanean oinarrituta. Harreman hori hainbat elementuren bidez gauzatzen da: formen morfologia berri bat; nortasun marka bereizgarri bat; eta kolore korporatiboaren eta bere hierarkiaren erabilera egokia.
Soraluce FXR — Red Dot Design Award Winner
